ELEANIZTASUNERANTZ
ARDURADUNA: Amaia Perez
Nahiz eta eskualde euskaldunean egon, gure ikasleen %50 inguruk bakarrik dute euskara ama hizkuntza. Eskolan euskara ikasten dute baina erabileran gaztelania nagusitzen da. Hizkuntza bi hauen desorekari aurre egiteko hasiera hasieratik Euskararen Normalizaziorako proiektuan sartu ginen eta jarraitzen dugu.
Hainbat ekintza burutu ditugu hizkuntzen gainean urteetan zehar: eskolaz kanpoko ekintzetan eta ekintza osagarrietan, ingeleseko egonaldiak, euskara girotzeko barnetegietan, antzerki-hizkuntza, Comenius proiektua,..
Azken bi urteetan Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua lantzen gabiltza eta eskola komunitate osoarekin adostu ditugu gure eskolarako nahi ditugun ezaugarriak: eskola euskalduna, euskara ardatz duena (euskara gure komunikazio hizkuntza nagusia eskola komunitatean) baina beste bi hizkuntzetan ikasleak trebatzen dituena.
Hau dela eta, ezinbestekoa ikusten dugu bultzada ematea ingelesari, baina ez bakarrean, baizik eta Hizkuntza Proiektu eleanitzean lantzea eta hiru hizkuntzen trataera bateratu baten barruan. Hau dela eta, hurrengo bi ikasturteetan Hizkuntza Proiektua eleanitzaren lanketan arituko gara.
Gure ikasleen ibilbideari begiratzen badiogu, Arratia BHI (dagokien Bigarren Hezkuntzako zentroa) ere eleaniztasunerantz proiektuan murgilduta dago iaztik eta proiektu honekin lehen hezkuntzan hastea onuragarria izango da ikasleentzat.
HELBURUAK:
– Ahozko komunikazioa ingelesez hobetzea, gure ikasleengan motibazioa eta interesa piztuta, egunerokotasunean integratu.
– Hizkuntza proiektu eleanitza egitea hizkuntzen trataera bateraturako hausnarketa eginez.