2021-2022, Eskola egunez egun, eskolako ekintzak
ESKOLA BIDEAK KALE EKINTZA
Hirugarren urtea da Inazio Zubizarreta eskolan “Eskola Bideak” proiektua hasi genuenetik. Hiru urtez, behar handia egin dugu: umeakaz batera herriko biderik nagusienak identifikatu, logoa sortu, bideen alderdi erosoak eta deserosoak identifikatu… baina proiektua oraindik berria da eta sorpresa txikiak ematen dizkigu, horren adibide garbiena joan den domekan (urtarrilak 23) egin zan kanpo ekintza daukagu.
Ilbeltzak izena ondo ipinia daukala egiaztatu genuen, zelango hotza!
Bufanda, neguko txapela eta zapata lodiek jantzita, han elkartu ginen eskolako patioan:
Gure helburua eskolara datozen bideak kolore desberdinakaz margotzea zen: Berdea, arrosa, laranja eta morea. Bideak ondo koloreztatu gura genituen; herritarrek, autoek, umeek eurek argi edukitzeko bideak umeenak eurenak direla. Herritarron auzolanari esker pausorik pauso helburutik hurrago gaude.
Bertaratu ginenak talde bitan banandu ginen, eta plantillak, margoak, zintak, globoak, bideen mapak, eta musika aldean hartuta, herritik fin-fin beharren jo ta su ibili ginen.
Mapari segituta, umeakaz batera aurretik identifikatuta geneuzkan topaguneak margotu genituen, etorkizunean elkarregaz gelditzeko puntu koloretsuak izango direnak. Gainera, hiru metroko distantziagaz, bidearen nondik-norakoak herri guztiari adierazteko koloreko hanka-markak pintatu genituen.
Azkenik, koloretako globoakaz, zintakaz eta errotulagailuekaz, herritarrei kontuz ibiltzeko mezuak agindu genizkien, pintatu berri ziren pausoen lorratzak Igorreko etxeetako sukaldeetan ez amaitzeko. Hau guzti hau, musikaren laguntzagaz egin genuen, bideak koloretan ikusteko bakarrik ez, belarriekaz entzuteko be izan zitezen.
Bitartean, Zaztaparrak Astialdi Elkarteak eskolako patioan umeentzako egintzak egin zituen: Aldarrikapen pankarta, eskola bideetako logoa zeukaten txapak eta jolasak. Hemen be, musika euki genuen bihotzak poz-pozik eukitzeko.
Lehen bi bideak pintatu ostean, beste bi bideak margotu genituen. Umeek eurek eskuak erabili zituzten lan-tresna lez.
BIZI elkartekoen esperientzia zabalak gidatu gintuen, Guraso Elkarteak bizi pozagaz zipriztindu gintuen, udaletxekoek materiala antolatzen eta garbitzen lagundu ziguten, gainera, kopautxoa be ekarri ziguten.
Eskolako Proiektuak bizirik daudela erakutsi genuelako, oraindik be grisa den jendartean koloretako pausoak margotu daitezkeela erakutsi genuelako eta zelan ez, eskolara doazen bideak seguruago eta jasangarriago egiteagatik behar itzela egin genuelako, bidean topatuko gara. Eskerrik asko.
Comments are closed















